viernes, 16 de mayo de 2014

Berrikuntzak Hezkuntzan



                     

1.     Aurreiritziak


Berrikuntza:  hitz batean definitzekotan, aldaketa. Berrikuntza, zerbait hobetzeko premia dagoenean sortzen da eta hau garai berriekin batera etortzen da, gizartearen beharrak asetzeko helburuarekin. Hala ere, esan beharra dago berrikuntzak ez direla gauza erraza. Aldaketa garaian bizi garen arren, hauek asimilatzea kostatzen zaigu eta hau oztopo bat izan daiteke garapenari begira. Bestalde, berrikuntza hitza, gehienetan, positiboa den zerbaitekin lotzen dugu baina ez du zertan horrela izan.

2.     Baliabideen sintesia


Hezkuntzaren berrikuntzak didaktika ikerketaren eragile nagusia izan behar du. Berrikuntza eta ikerketaren arteko lotura indartu behar dugu bai praktikari eta bai arazoei begira.

Berrikuntzaz hitz egitean, hobekuntza eta plangintza prozesu bat bezala ulertu behar dugu, zeinek aldaketa-prozesu bat eskatzen duen, borondatezkoa eta planifikatuta. Baina aldaketa hauek zailak izaten dira eta denbora eskatzen dute. Gainera, arreta deitzen du erresistentziak asko eta askotarikoak direla eta hau aldatu beharra dago.

Berrikuntza garatzeko proposamen batzuk badaude: berrikuntza zerbait berria ikasteko planteatu; proiektu kolektiboak egin zuzendaritza-taldeen laguntzaz baliatuz. Baita lan talde egonkorrak sortzea berrikuntzen hedapena bermatzeko, eta informazioa eta esperientziak trukatzeko klima positibo bat sortu lankidetza eta lana errazteko.

3.     Lanketa teorikoan oinarritutako gogoeta


Hau guztia ikusi ondoren, ondoriozta dezakeguna zera da: berrikuntza asko proposatzen direla baina aurrera eramaterako garaian oztopoak ematen direla. Eta hau zergatik gertatzen da?

Hasteko, berrikuntza bat emateko, beharrezkoa da lankidetza eta denek helburu berdinaren alde egitea. Bakoitza bere bidetik badoa, inoiz ez da lortuko berrikuntza behar bezala ematea. Horretarako, oso garrantzitsua da irakasle askok berrikuntzen inguruan dituzten aurreiritziak eta jarrera aldatzea eta baikorragoak izatea. 

Egoera hau ikusita, zein aspektutan eman daitezke berrikuntzak gaur egun? Ebidentzia bat da gizartea nola aldatzen ari den teknologia berrien ondorioz, hortaz, berrikuntza hauek hezkuntzan txertatzea garrantzitsua iruditzen zaigu: teknologia berrien erabilera ugariagoa, zahartuta gelditu diren baliabideak alde batera uztea... honek, gainera, kasu batzuetan metodologian aldaketak egitea ere eragingo du. 

Bina, berrikuntzak hobekuntza suposatzen du beti?

Berrikuntza hobekuntza suposatzeko pentsatuta dago. Halere, badago arazo bat: askotan, berrikuntzak sustatzeko egiten diren ikerketek ez dute harreman zuzenik gelan gertatzen denarekin. Hau da, teoriak eta praktikak lotura gutxi dute. Beraz, batzuetan, berrikuntzak ez dira espero ziren bezain onak.

Berrikuntza, erreforma, aldaketa, ... kontzeptu berdinak al dira? Zertan bereizten dira?

Berrikuntza prozesu bat da. Berrikuntza eta aldaketa ez dira gauza berdinak. Aldaketa zerbait zehatza da, eta berrikuntza, berriz, aldaketa zehatzekin bilatzen den hobekuntza. Beraz, berrikuntza gertatzeko, zerbaitetan aldaketa bat gertatu behar da. Gainera, planifikazioa eta gogoeta eskatzen duen prozesu luzea da. Gertatzeko, aldaketak bultzatzeko prest dagoen jendea behar da, eta hemen beste arazo bat sortzen da: Aldaketari egiten zaion erresistentzia, jendea (irakasleak, administrazioak, ikasleak...) aldaketaren beldur baita. Eta, batzuetan, aldaketarako prest dauden irakasleek ere, erresistentzia hau ikusita, amore ematen dute, ohiko irakaslea izatea irakasle berritzaile bat izatea baino errazagoa delako.

Beste aldetik, erreformak instituzioek bultzatutakoak dira. Azken urteetan, asko egin dira, baina eragin gutxi izan dute benetako aldaketak sortzerako orduan. Hauek ez baitira gai praktikan aurkezten diren arazoei aurre egiteko. Beraz, arazoak ahazten dira, eta horrela ez da aldaketarik gertatzen. Gainera, irakasle asko, erreformetara moldatzen dira bere praktika aldatu gabe.

Laburbilduz, hezkuntzan aldaketak behar dira. Eta aldaketa hauek ezin dira erreformetatik soilik lortu. Berrikuntzak ere behar dira (praktikarekin lotura dutenek), eta berrikuntzak praktikara eramateko prest dagoen jendea, erresistentziari aurre eginez eta irakasle arrunta izateak dakartzak erosotasuna alde batera utzita.

No hay comentarios:

Publicar un comentario